viernes, 1 de marzo de 2013

Neguko Errezetak (III)

Oraingoan ere neguko barazkiak, batez ere gutxien ezagutzen ditugun horiek, erabiltzeko beste errezeta batekin natorkizue. Oraingoan nik neuk egindako errezeta batekin: Zereal eta lekale potpurria barazkiekin.

Ontzi batean potxatu etxean ditugun mota honetako barazkiak: tipula, baratxuria, azenarioa, tipulina, porruak, errefautxoa, kalabaza, arbia, etab. gero zereal eta lekale potpurria gehitu (kinoa edo arroza ere gehitu daitezke zerealen ordez), eta ura jarri ondoren, 20 bat minututan dena ontzian berotu.

Beste ontzi batean ura berotu eta egosten jarri horrelako barazkiak 10 bat minutuz: eskarola, atxikoria, letxua, azelga, aza, azalorea, brokoli, lonbarda edo Bruselako azatxoak. Ondoren sartagi batean urdaiazpiko pixkatekin egositako barazkiak salteatu.

Azkenik, sartagian eta ontzian dauden osagaiak denak batera jarri eta ona hemen emaitza:


On egin!!

sábado, 22 de diciembre de 2012

Neguko barazkiak, ideiak eta errezetak (II)

Gaurkoan, aurrekoan azaldutako barazkiekin egiteko Pep Ballester sukaldariak prestatutako errezeta batzuk aurkeztuko dizkizuegu:

Neguko menestra.

Osagaiak (4 pertsonentzat): tipula edo tipulina, mihilu edo hinojo pixkat, tomate bat, kolinaboa, borraja zurtoin batzuk, azalore txiki bat, 4 orburu edo alkatxofa, zerba edo azelga, 4 txanpiñoi. Bestelako barazkiak ere gehi ditzakegu, azenarioa, illarrak, etab. Urdaiazpiko pixkat.

Prestaketa: kolinaboa, borraja, azalorea eta orburuak egosi. Ondoren azalorea eta zerbaren orri-mami edo penkak arraultza eta irinetan pasa eta frijitu. Ontzi batean tipula potxatu, ondoren txanpiñoiak gehitu eta botatzen duten ura lurrintzean, tomatea eta urdaiazpikoa gehitu. Ondoren aurretik egositako barazkiak jartzen joan, baita frijitutakoak ere gainean, eta gehien gustatzen zaigunaren ura gehitu gustuaren arabera. Minutu batzuen ondoren prest!



 Neguko barazkientzat ozpin-olio edo vinagreta.

Pixkat egositako porru batzuekin edo baporean egindako barazkiekin jartzeko ozpin-olio egokia.

Osagaiak: Dijongo mustarda granulatua edo lisoa, eztia, ozpina, gatza eta olioa.

Prestaketa: mustarda, eztia, ozpina eta gatza nahastu eta gero pixkanaka olioa nahasten joan loditasun eta sapore egokiak lortu arte. Modenako ozpin pixkatekin apaindu daiteke.

Arrautza-irinetan pasatako zerba orri-mami edo penka beteak.

Penkak jaki ezberdinekin bete ditzakegu, piper berdeak; urdaiazpikoa; uzdaiazpiko egosia eta gazta; etab. Ondoren dena arrautza eta irinetan pasa eta frijitu. On egin!

sábado, 8 de diciembre de 2012

Neguko barazkiak, ideiak eta errezetak (I)

Oraingo honetan neguko barazkiak hobeto ezagutzeko eta erabiltzeko informazio eta ideiekin gatoz, oso ezagunak ez diren ondorengo barazki hauei ere etekin osoa ateratzeko:

Kolinaboa


Hostoak eta zurtoinak kendu eta azala zuritu. Koadro forma emanda, patata azalak kentzekoarekin txips-ak egin daitezke frijituta jateko, eta beste zatiak purean edo egosita jan daitezke beste barazki batzuekin nahastuta.


Zerba edo azelga
Garbitu eta hostoa eta orri-mamia edo penka banandu. Ondoren orri-mamian ebaki batzuk egin baina guztiz moztu gabe, tolestu eta kontuz hari txikietatik tira hauek kenduz. Eta beste aldean labanarekin kontuz hariak kendu. Hostoak ondo garbitu baratzako "biztanleak" ekiditeko. Ondoren egosita jan daitezke edo gazta eta urdaiazpikoa bestetako penkak prestatu.


 
Hinojoa
Zurtoinak eta hostoak kendu - azken hauek infusioan hartu daitezke - eta baita hinojoaren kanpoko geruza gogorrenak ere. Erditik moztu eta xafla edo lamina finak moztu, entsaladan edo beste barazkiekin frijituta sukaldatzeko. Purean erabiltzeko zati haundiagoetan moztea nahikoa da, dirudienez kolinabo eta hinojo purea oso ona da, errezeta ipiniko dugu.
 

Borraja
Labana edo patatak zuritzekoarekin zurtoinaren alboak kendu, goiko aldean ebaki eta tolestu zerbari bezala hariak kentzeko. Zapi batekin igurtzi arantzatxoak garbitzeko. Egosita jan daitezke.

 
 


 Ez ahaztu zure iritzia, ideiak edo errezetak idazteaz. On egin!

jueves, 2 de febrero de 2012

Otsaileko barazkiak, errezetentzako hiztegia, etab.

Ufa! Elurra ari duela eta hobea dago etxean goxo-goxo baratzarekin lotutako beste lanak egiteko. Lehenik eta behin aurreratu nahi nizkizuen hurrengo astean otarretan aurkituko dituzuen barazkiak: porruak, kalabaza, aza, ziazerba edo espinaka (batez ere aste honetan izan ez dituzuenok) edo azelga, hinojoa, errefautxo edo rabanitoak eta letxua.


Baratza neguan: ezkerretik eskuinera, babak, eskarolak, azaloreak, azak, brokoliak, lonbardak.

Bestalde, gehienok dituzuen Sabrina Pato-k Biolur-entzat proposatutako Udaberriko errezetetatik, dagoeneko, neguan bagaude ere, asko prestatzeko moduan gaude barazki gehienak aurkitu baititzakegu saskitan (porruak, apioa, aza, etab.; erremolatxa eta kukulu edo kogolloak laister). Askoei entzun dizuet batzutan hiztegia konplikatu samarra dela, beraz, denoi gauzak pixkat errazteko, hemen doakizue hiztegi txiki bat:

1. Errezeta: Porru hostorea - hojalde de puerro / irabiatu - batitu / orea - pasta edo masa.
2. Errezeta: Erremolatxa patea / ogi xigortua - tostatutako ogia.
3. Errezeta: Kukuluak - kogolloak / azpil - fuente / erretilu - bandeja.
4. Errezeta: Rukula eta errefautxoa - rabanito.
8. Errezeta: Ziazerba eta patata opila - Espinaka eta patata tortilla / xukatu - escurrir
5., 6. eta 9. Errezetak ere egin ditzakezue.

Beno ba, ea nor animatzen den errezetak egitera edo beste batzuk idaztera.
On egin!

domingo, 22 de enero de 2012

Bueltan da blog-a

Kaixo lagunok!
Duela gutxi esanda bezala, berriz ere blog-a martxan jartzeko asmoa nuen eta hemen naiz bueltan. Lehenengo asmoa, hurrengo asteko otarrean zer aurkituko duzuen esatea da, eta horrela asteartean porruak, aza, letxua, errefautxoak, kanonigoak, espinakak eta zerbak edo azelgak aurkituko dituzue besteak beste, azken hauek denontzat iritsiko ez direnez, besteok hurrengo astean jasoko dituzue. Horretaz gain, datozen asteetan emandako errezetak hobeto ulertzeko hiztegitxo bat egiteko asmoa dut eta baita argazkiak eta errezeta berriak jartzekoa ere. Animatu zaiztezte komentarioetan zuen errezeta eta ideiak idazten.
Hurrengo aste arte, on egin!!

domingo, 12 de septiembre de 2010

Iraileko barazkiak Gaztaindizarren.

Iraila, barazki ezberdin gehien dagoen urte sasoietakoa da, eta adibide gisa, hemen dituzue irailaren 6an Gaztaindizar-eko baratzan bildutakoaren eta egun bertan banatutako saski baten argazkiak:


Irudian: kalabazinak, baina edo lekak (Helda, Contender, Buenos Aires), piperrak (gindilla, gernika, morroia), marrubiak, rabanito edo errefautxoak, berenjena morea, meloia (Negro de Cames), apio berdea, cherry tomateak.


Saskian: patata, kalabazina, pepinoa, meloia,berenjena, lekak, errefautxoak, apioa, cherry tomateak, piperrak (gernika, morroia).

Barazki hauetako batzuk nahiko ezezagunak zaizkigunez eta jateko ohitura haundirik ez dugunez, blog-ean hauen ezaugarriak eta errezetak ere ematen joango gara. Rabanito edo errefautxoa, C bitaminan, folatoetan eta iodoa edo potasioa bezalako mineraletan oso aberatsa da eta propietate diuretiko eta digestiboak ditu; eta, adibidez, lau zatitan edo trontzetan moztu eta entsaladan, olio eta gatzarekin edo olioa eta atunarekin jan daiteke aperitibo gisa.

Apioa aldiz, aberatsa da hainbat bitamina eta sodioa, potasioa, kaltzioa, magnesioa edo burdina bezalako mineraletan, kaloria gutxi izanik balio elikagarri haundia duelarik, eta diotenez azido urikoa edo kolesterola gutxitzen laguntzen du. Salda eta zopetan erabiltzen da nagusiki, baina ohituta ez bazaudete onena lehenengo aldian pixkat ipini eta hurrengoetan zuen gustoaren arabera gehitzen joatea da nire gomendioa.  

Bestelako errezetarik edo erabilerarik ezagutzen baduzue, animatu hemen idaztera!!!

domingo, 29 de agosto de 2010

Aurkezpena: Ongi etorriak GaztaindiZarrera

GaztaindiZar, modu ekologikoan barazki eta fruituak produzitzeko sortutako proiektua da. Lursail nagusia Zarautzen dago, Asti-Aitze auzoan, eta asmoa aire zabalean eta negutegi hotzetan garaian-garaiko barazki eta fruitu garbi eta osasungarriak produzitzea da, saski sistema bitartez saltzeko, nagusiki.

Proiektua 2008an sortu zen, eta beharrezko baimen eta onespenak lortu ondoren, zuhaitz eta sastrakaz beteriko saila garbitzeari ekin genion 2009ko udaberrian.


Udan, sustraiak kendu eta bestelako garbitze lanekin batera, negutegientzat lautada egin eta bertako akazien egurrekin egindako hesolekin lursaila inguratu genuen.

2009-2010eko neguan berriz, fruitu arbolak sartu eta hormigoizko bidea gauzatu ziren, udazkenean ereindako abonu berdea hazten zihoan bitartean.


Udaberrian lurra gozatzen aritu ginen, behar zituen ximaurra eta mineralak botaz, rotadora pasaz, etab. eta aldi berean txabola ere ipini genuen. Maiatzean, neguko ilar eta babak kendu ondoren, udako errotazioa landatzeari ekin genion (tomateak, piperrak - Gernika, morroi, italiano eta gindillak-, kalabazinak, pepinoak, letxugak, berenjenak, meloiak, kalabazak, rabanitoak, etab. hauetaz gain lehenago sartutako marrubi eta patata ere baditugu).

 

Udan berriz, negutegia gauzatu da, aipatutako barazkiak bildu ditugu (tomateak ezik, gutxi batzu bakarrik!!) eta neguko errotazioa landatzen dihardugu (azak, koliflorrak, lombarda, Bruselako azak, erremolatxa, zerba edo azelgak, borrajak, porruak, azenarioak, rabanitoak, atxikoria, eskarola, letxuga, etab.)



Noski, eta oraindik hasi besterik egin ez dugun arren, hau dena ezin izango litzateke posible izan handik pasa zareten edo beste era batera zuen babesa agertu duzuen guztien laguntzarik gabe, eskerrik asko!!!!