domingo, 29 de agosto de 2010

Aurkezpena: Ongi etorriak GaztaindiZarrera

GaztaindiZar, modu ekologikoan barazki eta fruituak produzitzeko sortutako proiektua da. Lursail nagusia Zarautzen dago, Asti-Aitze auzoan, eta asmoa aire zabalean eta negutegi hotzetan garaian-garaiko barazki eta fruitu garbi eta osasungarriak produzitzea da, saski sistema bitartez saltzeko, nagusiki.

Proiektua 2008an sortu zen, eta beharrezko baimen eta onespenak lortu ondoren, zuhaitz eta sastrakaz beteriko saila garbitzeari ekin genion 2009ko udaberrian.


Udan, sustraiak kendu eta bestelako garbitze lanekin batera, negutegientzat lautada egin eta bertako akazien egurrekin egindako hesolekin lursaila inguratu genuen.

2009-2010eko neguan berriz, fruitu arbolak sartu eta hormigoizko bidea gauzatu ziren, udazkenean ereindako abonu berdea hazten zihoan bitartean.


Udaberrian lurra gozatzen aritu ginen, behar zituen ximaurra eta mineralak botaz, rotadora pasaz, etab. eta aldi berean txabola ere ipini genuen. Maiatzean, neguko ilar eta babak kendu ondoren, udako errotazioa landatzeari ekin genion (tomateak, piperrak - Gernika, morroi, italiano eta gindillak-, kalabazinak, pepinoak, letxugak, berenjenak, meloiak, kalabazak, rabanitoak, etab. hauetaz gain lehenago sartutako marrubi eta patata ere baditugu).

 

Udan berriz, negutegia gauzatu da, aipatutako barazkiak bildu ditugu (tomateak ezik, gutxi batzu bakarrik!!) eta neguko errotazioa landatzen dihardugu (azak, koliflorrak, lombarda, Bruselako azak, erremolatxa, zerba edo azelgak, borrajak, porruak, azenarioak, rabanitoak, atxikoria, eskarola, letxuga, etab.)



Noski, eta oraindik hasi besterik egin ez dugun arren, hau dena ezin izango litzateke posible izan handik pasa zareten edo beste era batera zuen babesa agertu duzuen guztien laguntzarik gabe, eskerrik asko!!!!